Fauno txiki baten ametsean
Bilbo, 2026ko azaroaren 8a, igandea, 12:00. Arriaga antzokia. ABAO Txikiren XXII. denboraldia.
Musika · Claude Debussy eta Camille Saint-Saëns Ekoizpena · Etcétera eta Gran Teatre del Liceu Eszena-zuzendaritza, eszenografia eta txotxongiloak · Enrique Lanz Argiztapena · María Doménech Antzezlea · Noche Diéguez Titiriteroak · Cristina Colmenero, Julien Flotat, Leo Lanz, Christine Mackenzie eta Yanisbel Martínez Murtra Ensemble · Andrea Talavero eta Carles Puig (biolinak), Patricia Torres (biola), Irma Bau (biolontxeloa), Felipe Contreras (kontrabaxua), Alejandro Ortuño (txirula), Dani Souto (oboea), Laia Santamaria (klarinetea), Pere Cornudella (perkusioa), eta Daniel Ligorio eta Jorge Mengotti (pianoak).
JUAN CARLOS MURILLO
Oraindik jendea aretora sartzen ari zela, Irma Bau agertokira atera, bere lekuan eseri eta biolontxeloa jotzen hasi zen, berotzen ari balitz bezala. Pixkanaka, eserita geundenon arreta bereganatu zuen, eta aretoko marmarra apaltzen joan zen. Handik gutxira gainerako musikariak iristen hasi ziren, haietako batzuk besaulki-patioan zehar, tresnak zorroetan hartuta. Elkar agurtu eta jotzen hasi ziren, bi talderen arteko lehia jostalari batean. Bakoitza bere lekuan jezarri zenerako, ikusleak haiei begira zeuden. Ohartzerako, hasita zegoen emanaldia.
Soñando el carnaval de los animales ikuskizunarekin ireki du ABAO Txikik 2026-27 denboraldia. Etcétera konpainiak eta Gran Teatre del Liceuk ekoitzitako kontzertu antzeztu honetan, Enrique Lanzek Debussyren Fauno baten siestarako preludioa eta Saint-Saënsen Animalien inauteria elkartu ditu. Berrogeita hamar minutuko emanaldia da, lau urtetik aurrerako ikusleentzat gomendatua. Hitzik gabe kontatzen da fauno txikiaren istorioa. Musikarien artean bere lekua aurkitzen du, eta loak hartzen duenean animaliekin egiten du amets.
Hogei urte igaro dira Etcétera konpainiak muntaketa hau Euskaldunan aurkeztu zuenetik, ABAO Txikiren lehen denboraldian. Geroztik Arriagan ere eman izan da, eta oraingoan indar eta samurtasun betean itzuli da.
Hasierako jolasa baretu eta isilune labur baten ondoren, Alejandro Ortuñoren txirulak Debussyren lehen esaldi kromatikoa jo zuen. Agertokiaren erdian, txirularen soinua argia zen, afinazioa zehatza, eta esaldia, erabat iradokitzailea. Murtra Ensemblek bizitasunez eta, batez ere, gozotasunez jo zuen Preludioa. Noche Diéguez aktoreak, keinuz eta gorputzaren mugimenduez, faunoaren eta musikarien arteko lehen hartu-emana gidatu zuen. Faunoa hurbildu eta atzeratu egiten zen, batzuetan lotsati eta besteetan ausart, harik eta haien artean lasai sentitu zen arte. Musikariek ere ederki jokatu zuten une horietan eta, partituraren ñabardurak entzunaraztearekin batera, pertsonaiari lekua egin zioten agertokian.
Biberoiarena izan zen unerik ederrenetakoa. Edan ahala, faunoa lasaituz joan zen. Barreak entzun ziren aretoan. Azkenean, pianoaren ondoan geratu zen lo, sehaska moduko maleta baten gainean. Argiak apaldu eta isilunea egin zen berriro. Isilune hartatik abiatu zen Saint-Saënsen inauteria. Piano baten gainean agertu zen lehoi eder eta handia.
Hortik aurrera, animalien agerpen bakoitzak harridurazko oihuak eragin zituen. Haur batzuek izenez deitzen zieten. Dortoka ustekabean azaldu zen, biolin-jotzailea gainean zeramala, Offenbachen kankana dortoka baten pausora ekarrita. Elefantearen aurrealdea ikustea aski zen gainerakoa irudikatzeko.
Akuarioan antzeman zen argien bi konpositoreen arteko ahaidetasuna. Debussyren hasieran bezala, soinuaren koloreek berek sortzen zuten lekua. Saint-Saënsen bi pianoen eta txirularen soinuei María Doménechen argiek eta arrainen ahoetatik ateratzen ziren burbuilek eman zieten gorputza. Etcétera konpainiaren maisutasunaren beste erakusgarri bat: arrainen mugimenduari musikarien plataformena gehitu zitzaionean, musikariak eurak ere uretan igeri ari zirela zirudien.
Pianistak atalean, bi jotzaileak teklatuan gora eta behera zebiltzala, haurrek txalo egiten zuten eskala bakoitzaren amaieran. Fosiletara igarotzean, amaiera aldera, ametsaren haria une batez ahuldu zela zirudien. Dinosauroaren hezurdura erraldoia dantzan hasi zenean hartu zuen berriz indarra, eta zisnearen eszenan iritsi zen azken ezustekoa. Hasieran zisne baten lepoa eta burua baino ez ziren ikusten. Gero, bigarrenarenak agertu ziren lehenengoaren atzean. Eta, halako batean, bi lepo haiek neska dantzari baten hankak ziren.
Denboraldiaren aurkezpenean, Nora Sarasolak BBK Fundazioaren eta ABAOren arteko lankidetza berritu dela iragarri zuen. Zikloaren babesle nagusiaren izenean, kulturarako sarbidea errazteaz eta kulturaren inguruan jendea elkartzeaz aritu zen.
Ikuskizunaren gida didaktikoak ikasgelan musika aldez aurretik lantzea proposatzen du, eszenako ezustekoak antzokirako gordeta. Hogeita bat urteko ibilbideak galdera bat uzten du zabalik: Nola landu du ABAO Txikik haurrei musika eta antzerkia eskaintzeko modua, haien sentiberatasuna eta jakin-mina aintzat hartuta?
Igandeko emanaldiaren azken irudia antzokiko eskaileren azpian aurkitu genuen. Hantxe zeuden fauno txikia eta hura mugitzen zuen titiriteroa, ikusleen agurrak jasotzen.








