Antzokira joaten ikastea
JUAN CARLOS MURILLO
Igande goiz batzuetan ezohiko itxura hartzen du Arriaga Antzokiak. Mugimendu handiagoa, zarata gehiago, ohi baino ikusle askoz txikiagoak eta bestelako ikusmina. Emanaldia hasi aurretik, haur batzuk orkestraren zulora hurbiltzen dira, eta jakin-minez begiratzen diete instrumentuei eta jotzeko prestatzen ari diren musikariei. Askorentzat, beharbada, biolin bat, fagot bat edo kontrabaxu bat gertutik ikusten duten lehen aldia izango da. Agian, baita antzoki batera sartzen diren lehen aldia ere.
ABAO Txikira hainbat denboralditan hurbildu ondoren, gauza batzuk ikasi izan ditugu ikusle txiki horiengandik. Harrigarrienetako bat da zein naturaltasunez hartzen dituzten oso bestelako musikak. Urte hauetan Montsalvatge, Prokofiev, Ravel, Hindemith edo Ligeti entzun ditugu Arriagan, sorkuntza berriko lanekin batera. Haurrei, antza, bost axola zaie norbaitek musika bat modernoa, klasikoa, erraza edo zaila dela erabaki izana. Istorioaren parte bada, jolasten badu, mehatxatzen, laztantzen, beldurtzen edo barrea eragiten badu, entzun egiten dute.
El gato con botas lanari buruz idatzi genuenean, haurrei Montsalvatgeren musikarekin harremanetan jartzeko aukera ematea «musika-eskola bikaina» zela esan genuen. Orain, beharbada, ABAO Txiki beste gauza asko ere izan daitekeela gehituko genuke, nahiz eta ziurrenik horiei guztiei eskola deitu beharrik ez izan.
Izan ere, ondo pasatzera goaz antzokira, beste ezeren aurretik.
Eta horretarako aukerarik ez da faltako ABAO Txikiren hogeita bigarren denboraldian: lau ikuskizun aurkeztuko dira Arriagan, hamabost emanalditan zehar; horietako hiru, haur eta lehen hezkuntzako ikasleentzat.
Azaroan, Soñando el carnaval de los animales ikuskizunak Debussyren Fauno baten siestaren preludioa eta Saint-Saënsen Animalien inauteria bilduko ditu Enrique Lanzen txotxongiloekin, Etcétera konpainiaren produkzioan. Urtarrilean, Alí Babá y los cuarenta ladrones etorriko da, Iñigo Casalíren musikarekin, Nafarroako Ganbera Operaren ekoizpen berri batean. Martxoan, La princesa árabe lanak Juan Crisóstomo de Arriaga bilbotarraren musika geure antzokian entzuteko aukera emango digu; eta maiatzean Etcétera eta Enrique Lanz itzuliko dira El sastrecillo valiente lanarekin: txotxongiloak, itzal-antzerkia, proiekzioak, aktoreak eta ganbera-orkestra, Tibor Harsányiren musikaren gainean.
Debussy, Saint-Saëns, Casalí, Arriaga, Harsányi… Ez dirudi inork pentsatu duenik haurrei zuzentzeko menua pobretu behar denik.
Eta horixe izan da, hain zuzen, denboraldi hauetako gauzarik bizigarrienetako bat: umeek nola entzuten duten ikustea. El patito feok gogorarazi zigun antzerkiak desberdintasunaz, besteren onarpenaz edo norberaren autoestimuaz hitz egin diezagukeela, edertasunerako, gozamenerako eta afekturako lekua izateari utzi gabe. Hiria eraikitzen lanean, Paul Hindemithen musikatik abiatuta, gazteek eurek irudikatu zuten eraiki nahi zuten hiria, eta hura agertokira eramateko sormen-prozesuan parte hartu zuten.
Beharbada, horixe da antzokira joanez ikasten dugun beste gauzetako bat: besteekin egoten.
Izan ere, antzerkia sozializatzeko eta, horrekin batera, esposiziorako espazioa ere bada: musikarekiko, istorioekiko, eszenarekiko, begiratzeko eta entzuteko beste modu batzuekiko esposizioa. Azken finean, horretatik guztitik zerbait gugana iristeko, gure jakin-mina pizteko eta, nork daki, azkenean gu ere kutsatzeko aukera. Ez dakigu horrelakorik gertatuko den, eta ez dago jakin beharrik. Baina nekez iritsiko gara inoiz ezagutzeko aukerarik izan ez dugunaz gozatzera.
Antzerki-emanaldi batek pantaila batek eskatzen digunaren oso bestelako arreta eskatzen digu: espazio bizi baten barruan gaude, hiru dimentsiotan eta jendez inguratuta. Ezin dugu emanaldia gelditu, ezta atzera egin ere. Begiratu, entzun eta itxaron egin behar da; isilik egon, adi, dagokigunean parte hartu eta beste batzuk gurekin barrez edo hunkituta daudela ohartu, eta onartu.
Antzokia bera ere ikasgai dugu.
Eta zortea dugu ABAO Txiki Arriagan gertatzen delako. Bertan sartzea, korridoreetan barrena ibiltzea, aretoa, agertokia, argiak eta orkestraren zuloa ezagutzea hiria ezagutzeko modu bat ere bada. Gure antzokiak, gure plazak, azokak, frontoiak edo futbol-zelaiak bezala, elkarbizitzarako lekuak dira, geure bizitza komunaren zati bat eraikitzen dugun tokiak.
Antzokira joaten ikastea hirian bizitzen ikastea ere bada.
Beharbada horregatik, ABAO Txikiko goiz bat oihala altxatu baino askoz lehenago has daiteke, eta askoz geroago amaitu ere. Elkarrekin Arriagara joatea, emanaldia ikustea eta gero zerbait hartzera edo familian bazkaltzera ateratzea igandeko festa txiki bihur daiteke; eta, denborarekin, beharbada, baita oroitzapen ere.
Ez dakigu gaur orkestraren zulora liluratuta hurbiltzen diren haur horiek hogei urte barru La traviata edo Die Walküre entzutera itzuliko diren. Ez du axola.
Eraman ditzagun antzokira. Erakuts diezaiegun Arriaga. Hurbil gaitezen haiekin orkestra ikustera. Entzun dezagun elkarrekin. Egin dezagun barre. Hunkitu gaitezen. Atera gaitezen gero hiriaz gozatzera…
Eta beraiek erabaki dezatela itzuli nahi duten.









