Behatokitik

En Miscelánea/Euskera Por

behatokia

Juan Carlos Murillo /

 

Iraila ailegatu zaigu beste behin, udako anabasa zuzendu eta gure bizimodua, nonbait, berriro ere antolatzen, berrantolatzen, saiatzeko garaia; bizitza, gurea, behingoz eskuetan hartuko dugulako sentsazio bila abiatuta, asmo onen garaia bihurtzen zaigu iraila, eta urtea, ikasturtea ikasle izateari guztiz utzi ez dugunontzat, nolakoa nahi dugun pentsatzen jartzen gara, zintzo, urtero lez.

Horretan ari nintzela, uda ostean nire bizitza berreskuratu nahian, zutabe hau idazteko proposamena jaso nuen. Musikaz idatzi nik?! Hara! … Portatilaren gainetik begiratu eta hantxe zeuden, mahaiaren bestaldean: BOSen abonatzeko iradokitzen didan triptikoa; OSEren txartela, duela hiru denboralditakoa, aurten berrituko ote dudan itauntzen; ABAOren denboraldia iragartzen zuen egunkariko ebakina; Baluarte Fundazioaren liburuxka, urria-urtarrila bitarteko denboraldiaren berri helarazi didana; Klassikbidearen azken sarrera, Bilboko Kontserbatorioaren zuzendaritza-taldea berritu dutela kontatzeko zain; “Nesun dorma!” esaten zidan telebistatik Jonas Kaufmann tenoreak, bere diskoa ez erosteko erregutzen … musikaz inguratuta bizi gara!

Pellokeria galanta da, musikaz inguratuta gaudela esatea, jakina: gure bihotzen taupadetatik telebista iragarki edota teleberrien hasierakora, dena da musika. Ez, ez naiz horretaz ari. Ingurura begiratzea baino ez dago musikaz gozatzeko, musika entzun, ikusi eta dastatzeko zein aukera zabala eta interesgarria dugun antzemateko: BOS eta OSE, ABAO, Elkarte Filarmonikoa, Euskalduna jauregia, Arriaga antzokia, Kursaal, Baluarte, Bilboko Korala, Donostiako Orfeoia, … musika nonahi.

Urteetako ohiturak kultura eskaintzarik ez dagoela, egiten dena eskasa dela edota musika klasikoak interesik ez duela pizten eta antzekoak sinestera eraman bide gaitu. Emanak gara, antza, kulturan ezer gutxi egiten dela pentsatu eta esatera. Oker gabiltza, ordea: musika-eskaintza zabala, kalitatezkoa, anitza, interesgarria dugu eskura; musikaz inguratuta gaudela onartu beharra daukagu.

Eta, une horretan, argi ikusi nuen zertaz idatziko dudan zutabe honetan: musikaren inguruan sarean, egunkarietan, postontzian, txarteldegian, … aurkitzen dugunaz, musikaz esaten direnez, inguruan, edo urrutiago, programatzen eta publikatzen direnez. Horixe izango da gure behatokia, musikaren behatokia Klassikbidea aldizkarian.

1 Comentario

  1. Adaos nago, arrazoia ez zaizue falta baina kontutan hartu behar duzue inertziaren indarra.
    Beraz jarraitu bidea zabaltzen, ikusmira bereziki gaztetan jarrita.
    Dena den, eskerrik asko zuen lana delata!

Deja un comentario

Your email address will not be published.

*