Bilbao Orkestra Sinfonikoa Gerra Zibilean (3)

En Miscelánea/Euskera Por

banner-guerracivil-3

Juan Carlos Murillo

Irakaslea eta musikan titulatua

 

Jesus Arambarri

 

Izan ziren Gerra Zibilean eta gerraren ostean deserrira, Mexico, Argentina, Frantzia eta abarretara, alde egindako intelektual eta profesionalak: arkitekto, pintore, musikariak eta abar. Aldi berean, beste batzuk Bilbon gelditu ziren eta karrera bertan egin zuten. Azken horien ibilbidea aztertu beharra dago -gelditu eta karrera bertan egin zutenena- historian izan zuten protagonismoa ulertuko badugu.

Esan bezala, Jesus Arambarrik[1] izan zuen gerraostean Orkestrari berrekitearen ardura. Berari eman zioten Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Udal Banda batu eta orkestra bakarra egiteko eginkizuna. Oso material eskasa aurkitu dugu, oro har, Jesus Arambarriren biografiaz Orkestraren memoria edota berari buruzko monografietatik kanpo, eta eskura dauden erreferentzietan, askoz ere eskasagoak dira Gerra Zibila eta gerraosteko berrekite-lanei buruzkoak.

Arambarriri buruzko materialengatik dakigu Bilbon jaio zela, 1902an, Bidebarrieta kalean, eta lehenengo musika-ikasketak Academia Vizcaína de Música izenekoan -Lope de Alañak, Javier Arisquetak eta Juan Carlos Gortazarrek[2], Apostoluek, sortutako akademian- egin zituela. Bilboko Orkestran biolinista aritu zen, konposaketa ikasketak egin zituen eta baita Trueba zine-aretoko orkestran ibili ere.

1928an, Gortazarren laguntza medio, Parisa jo zuen konposaketa eta zuzendaritza ikasketak egitera, eta arlo bietan maisu handiekin ikasi zuen: Le Flem eta Dukas handiarekin, konposaketan, eta Golschmann-ekin, Bilbon 1927 eta 1928an ibili zen zuzendari ospetsuarekin, eta Weingartner-ekin, orkestra-zuzendaritzan.

Bilbon, 1931-1932 denboraldian, zuzendari gonbidatu gisa hiru kontzertu zuzendu ostean, orkestraren juntak, 1932ko abenduaren 12an, zuzendari titular izendatu zuen, lanposturako oposaketa gaindituta.

Esan bezala, datu gutxi aurkitu ditugu gerra hasi eta orkestra berriro abiatu arteko hilabeteetan Arambarrik nola jokatu zuen jakiteko. Memoria eta monografikoetan oso aipamen gutxi dago, orkestra berrantolatzeko lanetan ibili zela kenduta[3]. Hortaz, oso zaila da, dagoen material eskasiagatik, Arambarriren eginkizuna zein eta norainokoa izan zen erabakitzea. Urte mordoa pasa da, eta ez dago zehatz jakiterik zein izan ziren haren jokaera eta zein haren motibazioa; edota salatu zituen muskariak zergatik eta zein baldintzatan salatu zituen eta salbatu zituenak nola eta zergatik salbatu zituen. Edonola, eskura ditugun ebidentzietatik abiatu beharra dago.

Arambarrik Orkestran zuzendari ibili zeneko garaietan egindako ibilbidea ezagutzeko, gorago aipatu ditugun iruzkinez eta materialez gainera, haren izena edota sinadura dakarten dokumentuak daude Orkestraren artxiboetan. Agerikoa da, halaber, musikari batzuen salaketan parte hartu zuela: Arambarrik sinatutako idazki zenbait daude artxibategietan, datu hori egiaztatzen dutenak.

 

Argazkia: BSMM, Banda Sinfónica Municipal de Madrid
Argazkia: BSMM, Banda Sinfónica Municipal de Madrid

 

Izan zuen motibazioa izan zuela, Arambarrik, Orkestraren zuzendaria izanda, erakundea berriro martxan jartzeko prozesuan parte hartu behar izan zuen, musikari eta langileei buruz zekizkienak, batzuk behintzat, azalduz eta haiei buruzko txostenak eginez edota balioztatuz. Horiei gagozkielarik, ez dago zehazterik zenbat irakasle salatu eta zenbat salbatu zituen. Berriro diot, egiaztatu ahal izan ditugun agiriak hartu direla kontuan, eta, era berean, bistakoa dela beste zenbait dokumentu falta direla artxiboetan; zergatik eta nola galdu ziren esaterik ez badago ere.

Ez dago jakiterik, esaterako, batailoi edota alderdi jakinetan ibiliak zireneko agiriek erruztatutako irakasleak bakarrik salatu zituen edota gerra garaian egindako ibilbide politiko eta militarraren inongo zantzurik gabekorik ere salatu zuen.

Ikuspegi sentsazionalista arin hutsetik erraza litzateke esatea Arambarri salataria izan zela. Ikuspegi zorrotzagoa hartuta, arrazoizkoa da pentsatzea ez ditugula datu guztiak, nahiz eta eskuragarri daudenak argigarriak diren. Ez dira ezagunak zuzendariaren motibazioak. Bai, ordea, haren zenbait egite. Eta, azkenik, ez dago zehazterik ezagun direnak egin zituen guztiak diren edo parte bat baino ez.

Arambarrik sinaturiko salaketak arazketa-auzitegiaren eskura heldu ziren eta horiek eragin zuten, besteak beste, zenbait irakasle orkestrara sekula ez itzultzea. Txosten eta agiri horien baitan zegoen, bestek beste, irakasleek gerra aurrean zuten bizimodua eta estatusa berreskura zezaten edo, batzuekin gertatu zen bezala, orkestrako lanpostua betiko gal eta bizimodu txarragoa izan zezaten.

Auzitegi judiziala izan zen, azkenean, irakasleak orkestrara berriro sartuko ziren ala ez erabakitzen zuena, poliziaren txostenak, zuzendariarenak eta bestelako informazioak, ofizialak eta ez ofizialak, medio. 1939ko otsailaz geroztik, Erantzukizun Politikoen Legearen arabera[4] epaitu zituzten Orkestrako zenbait musikari, beste arloetako profesional eta langile asko bezala, baina legea ezarri aurretik ere izan ziren arazketa-auzitegien bidez epaitutako irakasleak. Arazketa, bestalde, ideologikoa izan zen guztiz; musikagileak haien ideologia eta aldekotasun politikoagatik epaitu zituzten.

Azkenean, arestian esan dugun bezala, orkestra berregina izan zen, eta irakasle batzuk onartuak eta beste batzuk ez. Prozesu horrek erabateko paralelotasuna izan zuen Bilboko beste arlo, erakunde, enpresa eta abarretan gertatu zirenekin, ñabardura gehigarri batekin: orkestrako eta bandako langileak, enpresa edota saltoki arruntetan ez bezala, funtzionarioak ziren, hortaz, Falangera afiliatzera behartuak. Frankista egin zituzten Orkestrako musikariak.

 

Gerraostea: Orkestra berriaren lehenengo kontzertuak. Orkestraren erabilera politikoa

 

Orkestra berriaren, Bilboko Orkestra Munizipalaren, lehenengo kontzertua, programazio ofizialeko 227.a, eta Orkestra berriaren aurkezpena, 1939ko otsailaren 25ean izan zen, Buenos Aires aretoan, Jesus Arambarriren zuzendaritzapean. Kontzertu horrekin hasi zen berriro orkestraren musika-jarduera gerraostean[5].

Garaiko egunkariek oihartzun handia eman zioten ekitaldiari, bai Bilbon, bai artean gerran zirauten estatuko beste herrialdeetan ere. Bilboko prentsak Orkestraren garai berriko lehenengo kontzertua iragarri zuen, hizkera frankista sutsua erabiliz. Programak, espainiar musikarekin batera, Alemania eta Italia, Ardatzeko herrialdeak, omentzen zituela ere jakinarazi zuen. Irratiak, bere aldetik, Espainiako Irrati Nazionalak (RNE), kontzertua promozionatu zuen propagandaren atalak berariaz sortutako gidoiaren bitartez[6].

 

4_eje
Sindacato Nazionale Fascista Musicisti ©BOS’90, Bilbao Orkestra Sinfonikoa

 

Esan bezala, Orkestra Jesus Arambarriren zuzendaritzapean berreratua zen, eta frankismoak “Iparraldeko Orkestra” izendatu zuen, berehala propaganda-funtzioa betetzen hasiko zena. Zeregin horretan berebiziko garrantzia hartu zuen Orkestrak. Laster hasi zen, iparraldean ez ezik, ia penintsula osoan zehar ere kontzertuak ematen; Bilbotik Oviedo, Coruña, Valladolid, Cadiz edota Bartzelonaraino.

Hasierako kontzertu haietako bi ekarriko ditugu hona, orkestraren propaganda-betekizun hori erakusteko: Admiral Sheer gurutze-ontziko tripulazioaren omenez eskainitakoa, bat, eta, Sestaoko Labe Garaietakoa, Alegría por el trabajo izenaz emanikoa, bigarrena.

1939ko apirilaren 24an, Bilboko Buenos Aires antzokian Orkestrak eman zuen kontzertua denboraldiko kontzertua izan zela dio programa ofizialak. Bada beste datu bat, alabaina, informazio horri gehitu beharrekoa: Bilboko Portuan mantentze-lanetan ari zen Alemaniar Itsas Armadaren, Kriegsmarine-ren, Admiral Scheer (Scheer Almirantea) gerra-ontzia eta bertako ofizialak eta tripulazioa omentzeko kontzertua izan zela, hain zuzen. Bilboko Orkestra izan zen kontzertuaren lehenengo zatiaren protagonista, Jesus Arambarriren batutapean, eta bigarren zatian  gurutze-ontziko musika-bandak jo zuen.

 

1_scheer
©BOS’90 / Bilbao Orkestra Sinfonikoa

 

Deutschland tipoko Admiral Scheer gurutze-ontziak, lau destruktorerekin batera, parte hartu zuen, 1937ko maiatzaren 31ko egunsentian, Almeriako bonbardaketan. Gurutze-ontziak 186 metroko luzera zuen eta 280 milimetroko kainoi boteretsuz hornituta zegoen. Ofizial eta marinelak kontuan izanda, 1000 tripulatzaile baino gehiago zituen.

 

Deutschland tipoko Admiral Scheer gurutze-ontziak, lau destruktorerekin batera, parte hartu zuen, 1937ko maiatzaren 31ko egunsentian, Almeriako bonbardaketan. Gurutze-ontziak 186 metroko luzera zuen eta 280 milimetroko kainoi boteretsuz hornituta zegoen. Ofizial eta marinelak kontuan izanda, 1000 tripulatzaile baino gehiago zituen.
Admiral Scheer

 

Urte bereko maiatzaren 10ean, Sestaoko Labe Garaietako ijezketa-tailerrean, “Alegría por el trabajo” deituriko kontzertua[7] eman zuten. Egun horretan, langileek lana utzi eta kontzertura joan behar izan zuten, gerora egunkarietan argitaratuko ziren kronika eta argazkietan agertzeko, erregimenak langileen ongizateaz eta berorien heziketaz zuen arduraren erakusgarri[8], eta, bide batez, langile-mugimenduaren ikurra ziren lantegiak ere berreskuratuak, eta salbatuak, zirela erakusteko[9].

Orkestrak bazuen, halaber, beste propaganda-funtzio garrantzitsu bat Ardatzaren potentziei begira, Italia eta, batez ere, Alemaniari begira, hain zuzen. Espainia ez zen Ardatzaren partaide militarra izan, baina, hala ere, interes handia eduki zuten Espainiako agintariek Ardatzaren potentziekiko kidetasuna agertzeko, propagandaren eta ideologiaren arloetan bereziki. Betekizun horretan kulturak funtzio nabaria izan zuen, Alemania eta Italiako agintari eta elite faxistei begira, bereziki[10].

Orduantxe hasi zen, 1939. urtean, Gerra Zibilaren ostean, Orkestrarentzat gizarte osoarentzat bezalaxe, Gau Frankista, autarkia eta isolamendu internazionalaren garaia.

Gerra Zibilak, estatu-kolpe faxistaren ostean gertatu zenak, berebiziko hondamendia ekarri zuen arlo guztietan: politikan, hezkuntzan, kulturan, musikan, … eta, bereziki, hiritarren bizitzetan, eta gaurdaino iritsi da haren eragina. Gertatu zirenak, mugarri historiko, politiko, eta abarretatik haratago, gerra pairatu eta nozitu zuten gizon-emakumeen bizitzetako xehetasunetatik, eguneroko gorabeheretatik, interpretatu eta ulertu beharra dago: zein salbatu eta zein hil zen, lanpostua zeinek galdu edota irabazi zuen, noren ondasunak bahitu edota berreskuratu ziren eta abar luze horretatik. Bilboko Orkestraren historiak ederto erakusten digu zeinen gordina izan zen hondamendi hura, nolakoa haren ostekoa eta nolako eta norainokoak haren ondorio eta emaitzak.

Ez da gutxi egiteko eta argitzeko geratzen dena: zenbat artxibo, paper, zenbat memoria dagoen ireki, arakatu eta garbitzeko, noizbait memoria eta justizia benetan egingo bada. Artikulu hau askatasunaren, kulturaren eta musikaren alde, zuten guztia, edota ahal izan zutena, eman eta borrokatu zirenen omenez egin nahi izan dut, maila apal-apalean egin ere; euren nortasun, aldekotasun eta pentsamoldeari uko egin gabe, egoera gainditu eta musikari ahalegin guztiarekin ekin zioten gizon eta emakumeen omenez.

 

© Juan Carlos Murillo / Klassikbidea, Bilbon, 2015eko ekainean.

– – – – –

[1] Agiri guztietan datorren grafia mantendu dugu, azentu-markak kenduta, Jesus Arambarri.

[2] Lope de Alaña, Javier Arisketa eta Juan Carlos Gortazar benetan garrantzitsuak dira Bilboko musika-jardueretan XIX. mendearen bukaeran eta, batik bat, XX.aren hasieran. Elkarte Filarmonikoa, Academia Vizcaína de Música, Bilboko Kontserbatorioa eta, batez ere, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren sustatzaile nagusiak izan ziren; Apostoluak deiturapean ezagunak.

[3] “La guerra iba a imponer una obligada interrupción” edo “Después de la guerra se reestructura (sic) la Orquesta de Bilbao”. BILBAO ARISTEGI, PABLO. Jesús Arámbarri. Colección de Temas Vizcainos, 23. Caja de Ahorros Vizcaina. Bilbo. 1976

[4] Francoren diktadurak eskubide politiko guztiak gogor galarazi zituen (politika egitekoa, biltzekoa, elkartzekoa eta abar) eta baita gogor zigortu eta erreprimitu Gerra Zibilia bukatu baino zertxobait lehenagoko Erantzukizun Politikoen Legearen bitartez legez kanpo utzitako PNV-ren eta beste erakundeen aldekoak ere.

Honako hau zioen 1939ko otsailaren 9ko Ley de Responsabilidades Políticas izenekoak (otsailaren 13ko 44 zenbakidun BOEan argitaratua), 2 artikuluko bigarren paragrafoan:

“Se entenderán comprendidos en esta sanción los siguientes partidos y agrupaciones:… Partido Nacionalista Vasco, Acción Nacionalista Vasca, Solidaridad de Obreros Vascos,…, todas las Logias masónicas y cualesquiera otras entidades agrupaciones o partidos filiales o de análoga significación a los expresados, previa declaración oficial de hallarse, como los anteriormente relacionados, fuera de ley.”

Artikuluak eta hura garatzeko jarraian gauzatu zen arautegiak “aipatutakoen ondasunak konfiskatu eta estatu espainiarraren eskura jarriko ditu”, ezarritako zigorrak mortis causa igorgarriak eta preskriba ezinak zirelarik. Lege horren bidez Espainia osoan bahitu ziren kontu korronteek garaiko 3.000 miloi pezeta baino gehiago zenbatzen zuten.

[5] Honakoa izan zen hilabeteotako Orkestraren agenda, 1939ko otsailaren 25etik ekainaren 15era bitartean: Bi kontzertu eman zituen, 1939ko martxoaren 9 eta 16an, Elkarte Filarmonikoak kontratatuta, sozietatearen aretoan. Hil bereko 19 eta 26an hasiera eman zitzaien eliz-kontzertuei, Coliseo aretoan. Apirilaren 10ean, Donostiako Orfeoiarekin batera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Wagner, Liszt, Brahms, Turina eta Handel konpositoreen obrak interpretatu zituzten. Apirilaren 24an denboraldiko kontzertua eman zuten Buenos Aires aretoan, eta maiatzaren 9an, berriro Elkarte Filarmonikoan, hark kontratatuta. Maiatzaren 10ean Sestaoko Labe Garaietan jo zuten, ijezketa-tailerrean, “Alegría por el trabajo” deituriko kontzertua. 1939ko ekainaren 15ean, Bilbo hiriaren urteurrenaren egunean, “Askapena” ospatzeko kontzertua eman zuten “Askapenaren Ospakizunetan”.

[6] Ikus prensa ebakina eta irratiko gidoiaren kopiak eranskinean

[7] Programa bakarra gorde da. Hala ere, kontzertu-ziklo bat izan zen, garaiko Alemanian, izen berberaz, ematen ari ziren kontzertuen kalkoa.

[8] Kulturaren erabilera politiko paternalista-populista ohikoa izan da, erregimen totalitarioetan, kultura elite poteredun eta dirudunen adierazgarri barik, langileen eskura eta haien onuran erabiltzen dela adierazteko ere –Stalinen garaiko Sobietar Batasunean edota Maoren garaiko Txinan, esaterako- eta Falangeren buruzagiek, Italia edota Alemaniako faxistek bezalaxe, kulturaren propaganda-balio eta funtzioa ondo maneiatzen zituzten.

[9] Labe Garaiak eta horiek bezalako azpiegiturak salbatzeko, ez suntsitzeko, erabakia Eusko Jaurlaritzak hartua zuen, Justizia eta Kultura sailburua zen Jesus Maria Leizaolak aholkatuta, gerraostean berrekiteko Euskal Herriak azpiegiturak eta ondasunak beharko zituelakoan.

[10] Garaiko prentsak “Homenaje a las tres naciones amigas” izeneko kontzertua iragarri zuen. Kontzertua Arriaga antzokian izan behar zen, Arambarriren zuzendaritzapean, 1937ko abuztuaren 30ean. Ez dugu, hala ere, kontzertuaren programarik edota bestelako agiririk aurkitu Bilboko Orkestra Sinfonikoaren gordailuetan.

Deja un comentario

Your email address will not be published.

*

Otras entradas en Miscelánea

Ir Arriba