Wozzeck de Alban Berg en el Teatro Real, 2006/2007. Fotos: Javier del Real

Wozzeck, Alban Berg, Teatro Real 2006/2007. Argazkia: Javier del Real

 

Juan Carlos Murillo /

 

Fokuaren argi-borobil estua haur gaixoaren gainean. Haurra bere zaldikoaren gainean, kulunka, eskenatokiaren bazterrean; zaldikoaren kulunkadak, umearen arnasa, arnasestua … kito.

Musikarik gabe, argirik gabe, kantaririk gabe. Ume gaixo baten arnasestua baino ez. Horrela bukatu zen Calixto Bieitok Madrilgo Realen 2007ko urtarrilan zuzendu zuen Alban Bergen Wozzeck opera. Inoiz ikusi dudan opera emanaldirik hunkigarrienetakoa; bere dramatikotasunari erreparatzen badiogu, hunkigarriena: drama musikan, drama istorioan, drama eskenatokian, … ezin mezu argiagorik; ezin koherenteagorik.

Oso kritikatua izan zen Bieitoren lanaren gordintasuna. Bergen musikaren gordintasunaz haratago, edota harekin batera, Büchnerren istorioak helarazten digun gizatasunik gabeko gizartea jarri zigun begien aurrean eszena-zuzendariak ere. Nola, bada, aterako gara antzokitik hunkitu gabe? Nola, bada, deserosotasunik gabe gainditu opera-gau gogoangarria , arte-lan eder neutro eta urrunetik begiratu baten aurrean izan bagina bezala, erabat hartu eta emozionalki irauli gaituen arte-lan baten aurrean egon ez bagina bezala?; nola, bada, salbu eta osorik atera gizakiaren gizatasun eza gordina begien bistan jartzen digutenean? Eta begien bistan ez ezik belarrietan ere; gizatasunik eza nonahi: hitzetan, irudietan, musikan, istorioan, eszenatokian … gertuegi geure inguruan sumatzen dugun gordintasun berberetik agian?

Askotan mintzo izan gara arte-lanen eguneratzea egokia den ala ez; alegia, opera baten gertakizuna autoreak irudikatu eta idatzi zueneko garaitik atera eta beste batera eramatea onargarria, interesgarria edota egokia den ala ez. Eta, iritziak iritzi, nik beti pentsatu izan dut horrek zentzua izan dezakeela baldin eta obraren mezua aberastera eta azpimarratzera badator.

Eta Calixto Bieito, nire uste apal-apalean, jakina, azken horietakoa da: arte-lana hartu eta autoreak irudikatu, helarazi, sentiarazi nahi zuen emozioa aberasten, azpimarratzen eta eguneratzen duten horietakoa: Zeren, zertarako da, bada, artea, hunkitzeko ez bada?

Calixto Bieto Bilbora etorri da, Arriagara etorri zaigu, askoren poza eta itxaropena piztuta.

Ongi etorri Bilbora, Bieto jauna.