Jostailuen kutxa. Antzerkia eta musika, ispilu eta ikaskuntza

Bilbo, 2025eko azaroaren 9a, igandea, eguerdiko 12etan. Arriaga antzokia. La caja de los juguetes, Claude Debussy konpositore frantziarraren eta André Hellé ilustratzailearen La boîte à joujoux lanean oinarritutako ipuin musikala, Enrique Lanzek berrinterpretatua.
Aktorea: Andrea Bastande. Pianoa: Jorge Camacho. Titiriteroak: Cristina Colmenero, Leo Lanz, Irene Molina eta Alberto Vicién.
Eszena-zuzendaritza: Enrique Lanz. Eszenografia eta txotxongiloak: Enrique Lanz. Argiztapena: Lía Alves. Koreografia: Carina Martín. Jantziak: Raquel Vaquero.
Ekoizpena: Etcétera, Andaluziako Juntaren laguntzarekin. ABAO txiki, 21. denboraldia. ABAO Bilbao Opera, 74. denboraldia.
JUAN CARLOS MURILLO
ABAO txikik bere hogeita batgarren denboraldiari hasiera emateko, Etcétera konpainiaren La caja de los juguetes lana taularatu du, Andaluziako Juntarekin elkarlanean ekoitzia. Claude Debussy konpositore frantsesaren eta André Hellé ilustratzailearen La boîte à joujoux obran oinarritutako ikuskizuna, Enrique Lanz konpainiako zuzendariak berrinterpretatua, samurtasun eta umore handiak dituena.
Hogei urte bete berritan, ABAO Bilbao Operak ume eta gazteen hezkuntza eta garapen emozionalaren aldeko apustuari eusten dio, denboraldi berri honen amaieran 95 ekoizpen aurkeztuak izango baititu, gazteenei zuzendutakoak, familientzako eta ikastetxeentzako funtzioetan.
Oraingo honetan, ipuin musikal bat aurkezten digu. Bertan, trapuzko panpina bat esnatzen da gauerdian, eta berarekin kutxa barruan bizi diren jostailuak dantzatzera gonbidatzen ditu -pelutxezko hartz bat, gurpil gaineko elefante bat, saltxitxa txakur bat, krokodilo bat, soldadutxoak, txotxongiloak,…- istorio bat kontatzeko, non jolasaren indarra, gerraren baliaezintasuna, genero berdintasuna eta maitasunaren boterea bezalako balioak nabarmentzen diren.
Beste behin ere, Etcétera txotxongilo-konpainiak antzerkia eta musika aurkezten dizkigu zibilizazioaren eta kulturaren funtsezko adierazpen gisa. Istorioak kontatzea gizakiaren elementu definitzaile gisa, bere burua ulertzeko kontakizuna behar duena eta errepresentazioa – antzezpena, musika, eszenatokia… – ispilu eta ikasbide moduan erabiltzen duena. Antzerkia, musika eta antzezpen-jolasa ikaskuntza eta hausnarketarako tresna, Andrea Bastandek, aktore eta narratzaile bikainak, emanaldiaren hasieran helduei zuzendu zien galderatik abiatuta: galdu al dugu jolasteko gaitasuna?
Ikuskizun ederra, une oro lotuta eraman gintuena, Debussy bere esentzian gozatzeko aukera emanez: ikusten duena musikaren bidez deskribatzen duen konpositorea; istorioak kontatzen dituena, parajeak eta sentimenduak irudikatzen dituena, alegia. Benetako bitxiak, La boite a joujoux balleta eta Children’s corner suitea, konpositoreak Claude-Emma, “Chouchou”, alabari eskaini zizkionak, Jorge Camachok pianoan bikain interpretatuak.
Etcétera konpainiak bere ofizio eta antzerki-hizkuntzaren ezagutza handiak erakutsi zituen berriro ere, kontakizun koherente, bizi eta distiratsu bat garatuz, zeinean erritmo eszenikoak modu organikoan partiturak deskribatzen duen istorioarekin bat egiten duen, txotxongiloen mundu iradokitzaile eta magikoa bizitzaz eta edukiaz beteaz.
Txotxongiloak, joan den mendeko 20. eta 30. hamarkadetako jostailuetatik abiatuta diseinatutako objektuak, itzalen antzerkia, bideo-proiekzioak, piano-jotzaile bat eta aktore bat istorio baten eta erreferentziazko musika-lan baten zerbitzura, indarkeriarik eza eta maitasunaren boterea bezalako balioak nabarmentzen dituen bertsio garaikide bat eskaintzeko, Arriaga antzokiaren edukieraren hiru laurden baino gehiago bete zuen denboraldi hasiera batean publikoa txotxongiloen eta Claude Debussy bikainaren musikaren magiaz gozarazi zuena.








