Fotograma del vídeo “Orfeo” de la producción de la Ópera Nacional de Lorena

Gotzon Lobera /

Ekandua da lehengo denborak norberarenak baino hobeak izan zirela esatea. Musikaren arloan, berriz, ezin dugu horrelakorik esan. Badirudi ikerketak eta ohikeriatik alde egin nahiak beste ate batzuk, zahar-berriak direnak, zabaltzen lagundu dutela, batez ere denbora luzean ahaztuta egon diren musikagile batzuk gomutara ekartzeko.

Horrelako kasua dugu Luigi Rossirena. Izan ere, XVI. gizaldiaren amaieran jaio zen Torremaggioren, Foggiatik hur, Napoliko erresuma zaharrean, eta 1653ko otsailaren 19an zendu zen Erroman. Horrenbesterekin, esan dezakegu XVII. gizaldian eman zuela bizitza ia guztia.

Musika ikasten ume-umetatik hasi zelarik, ondorik zenbait ogibide egin zuen betiere musikarekin lotuta. Kantata baten konposizioak eman zion izena Europa osoan; egin-eginean ere, italieraz idatzi zuen Lamento della Regina di Svetia Suediako Gustavo Adolfo II.aren heriotzaren gainean.

Hori 1632. urtean jazo bazen, handik 9 urtera, 1641ean, Urbano VIII.a aita santuaren zerbitzuan jarri zen, eta, langintza horretan ziharduela, lehenengo opera konposatu zuen: Il palazzo d’Atlante incantato. Kontu bitxi gisa aipa dezakegu libretistarena; hain zuzen ere, libretoa egin zuena Rospigliosi kardinala izan zen, geroago Klemente IX.a izenarekin aita santu bihurtuko zena.

Gaurko saiakeratxo honetan, Orfeo opera ekarri nahi dut hizpidera. Bada, opera hori Frantziara joan eta gero idatzi eta estreinatu zuen. Kontuak, batzuetan, bizitzak azalarazten dizkigu bidera norberak gutxien uste duenean. Hona hemen zelan suertatu ziren gauzak.

1946. urtean Mazarino kardinalak gonbidatu zuen Frantziako Erregearen Kortera joateko. Kardinal horrek bazuen gogo bizia frantziarrak musikarekin sentiberatzeko, eta horregatik opera bat egiteko agindu zion Luigi Rossiri. Aginduak ezaugarri nagusi bi zituen: italieraz idatzia izatea eta Parisko ekoizpen baterako egina izatea.

Hortik sortu zen Orfeo opera, Luigi Rossiren bigarrena. Honelako eretietan suertatzen den legez, aginteak badu eraginik; bestela esanda, ez da gauza bera agintzailea erregearen lehenengo gobernatzailea izatea edo bestelakoa izatea. Halandaze, opera hori Parisen estreinatu zen 1647ko martxoaren 2an.

Libretista Francesco Butti (edo Buti) izan zen. Italiako Narnin jaiotako abade honek Parisera alde egin beharra izan zuen 1645ean, eta, Mazarinoren konfiantzakoa zelako, libretoa egiteko ardura jaso zuen. Besteak beste, Lullyren libretista izan zen (L’amour malade, Ballet de l’impatience).

Estreinaldi horren gainean badira kontu bi, nabarmendu beharrekoak: lehenengoa, Atto Melani eta Pasquialini kastratoek parte hartu izana, eta, bigarrena, modu horretara, italiar opera Frantziari ezagutzera ematea. Jakina, ez dugu ahaztu behar Mazarino kardinala italiarra zela.

Betiere, orduko paristarrek Mazarino gogotik maiseatu zuten, ikuskizuna “ikusgarriegia” izan zelako. Edozerren aurkako maiseoez harantzago, garbi dago opera honek eragina izan zuela Lullyrengan.

Nik Mezzo kanalean ikusi dudan antzezkizunaren gainean, berriz, zertzelada hauek eman nahiko nituzke:

Lehenengo eta bat, Lorraineko Opera Nazionalaren ekoizpena da, eta koekoizle gisa Oximore ageri da.

Bigarren: ekoizpen hori egin ahal izateko, une honetan ia ezinbestekoa den partaidetza ikusten dugu, arlo ezberdinetatik batzen direnen partaidetza: France Télévisions, Harmonia Mundi eta Medici.TV. Hor ditugu batuta ohiko telebista, diskoetxea eta telebista digitala.

Hirugarren: musika-zuzendaria Raphaël Pichon izan zen, 1984. urtean Parisen jaio zen kontratenorea, abesbatza-zuzendaria eta orkestra-zuzendaria. Antzezkizun-zuzendaria, berriz, Jetske Mijnssen, nederlandarra. Izan ere, antzezkizun-zuzendari honerk badu begiz jota opera beraren beste ekoizpen bat 2020rako.

Laugarren: orkestra eta abesbatza Ensemble Pygmalion izan zen. Oso neurri egokiko orkestra barrokoko opera honentzat.

Bosgarren: ez dago kastratorik, eta Judith van Wanroij soprano nederlandarrak antzezten du Orfeo, eta Francesca Aspromonte sopranoak antzezten du Euridice. Lan bikaina, nire ustez, egiten dutena. Ez dakit zelan abestu zuten estreinaldiko kastratoek, baina ederto asko bete dute euren lana 2016ko antzezkizun honetan.

Opera hau, seguru asko, ez da, askoren iritzian, Glucken operaren mailara helduko, baina ezinbestekoa da haren ondorik Frantzian egin ziren zenbait operaren nondik norakoak ulertzeko. Hortik dator ohiko bideetatik ateratzen gaituzten ekoizpenei eman nahi diedan goresmena. Ez biz hain bakan ager!