Patricia Petibon. Foto: © Bernard Martinez / Machreich Artists

Gotzon Lobera /

 

Hil honen 22an ikusi ahal izan dut aspaldidanik ikusi eta entzun barik neukan opera ikaragarri bat: Mithridate roi du pont. Bera ikusi eta entzun dudanean zenbait gogoeta egin ditut, zuekin partekatu nahi ditudanak.

Lehenengo eta bat, Wolfgang Amadeus Mozarten musika-nortasun aparta ekarri nahi dut gomutara. Izan ere, Salzburgeko musikariak opera hau 14 urte zituela konposatu zuen. Bai, HAMALAU URTE! Eta berak zuzendu zuen opera 1770eko abenduaren 26an Milango Regio Ducal antzokian.

Sei hilabeteko epean egin zuen opera. Baliteke musika egitea, batzuentzat, erraza izatea. Nik ez dut berdin uste, baina bihoa aurretik nik besteen lana errespetatzeko daukadan joera, sekula lagako ez dudana. Betiere, musika egin behar izan zuen Vittorio Amedeo Cigna-Santi libretistaren testuaren gainean. Hau da: musikak argumentuaren araberakoa izan behar zuen. Eta lortu egin zuen. Harrigarria!

Libretoa dela eta, atsegingo nuke esatea haren oinarria ez zela badaezpadakoa izan, Jean Racineren antzerki-lan bat oinarri hartuta egin zelako. Horregatik, operaren alorrean “opera serio” bat konposatu zuen 14 urteko umeak. Harrigarria!

Areago, gaur egun operari buruz ari garelarik gutxi-gutxitan egiten da berba konposizioaren gainean. Hori dela eta, gogoeta bat sorrarazi nahiko nuke zuen artean, irakurle adeitsuok! Izan ere, 1770. urtean opera estreinatu zenean, jatorrizko orkestra osatu zuten musika-tresnak hauek izan ziren: xirula bi, oboe bi, lau adar, fagot bi, tronpeta bi, tinbalak, hariak eta baxu jarraitua. Ez da dudarik: orduko entzuleek jaso zuten musika eta gaur egun jasotzen duguna ez dira berdinak. Eta hala behar du, derrigor! Purismoa ez da ona, purismoak, gizartearen arlo guztietan, heriotzara eroaten du edozein arte-mota.

Hasieran esan dudan legez, hil honen 22an ikusi nuen Mithridate roi du pont frantziar ekoizpena. Eta antzezpen hori baliatuta, Patricia Petibon frantziar sopranoa ekarri nahiko nuke hizpidera, opera etxean Mezzotik ikusten ari ginen lagun biren arteko elkarrizketa izan zela eta.

Batak bazioen Patricia Petibon histrionikoa eta agertzaileegia zela; hori ez ezik, bazioen haren antzezpena ez zetorrela pertsonaiaren izaerarekin bat. Besteak, ostera, bazioen frantziar sopranoak bete-betean asmatzen zuela pertsonaiarekin, eta sinesgarri egiten zuela.

Baliteke nirekin zegoena eta biok zuzen egotea, edo okerreko bidetik ibiltzea, edo biak batera. Baliteke. Hala ere, nork bere esperientziatik aztertzen du errealitatea, bai eta opera bat interpretatu berak daukan musika-altxorraren galbahetik. Eta horixe da operaren handitasuna. Batez ere, 14 urteko ume izugarri batek egindako opera baten handitasuna.

Patricia Petibonek, nire ustez, bere nortasuna erantsi zion Aspasia pertsonaiari. Eta kantari-antzezle handien ekarpena horixe da, nork pertsonaia bakoitzari berezitasun errepikaezin bat ematea. Zer gutxiago Wolfgang Amadeus Mozarten opera baterako!

Aurreko guztiaz gainera, esan behar dut, aukera duenak ikus dezala datozen egunetan Mezzo kanalean ipiniko dituzten errepikaldiak. Izan ere, Operabaseren estatistiken arabera, opera hau antzezaldiei dagokienez, 163 garrena da. Hau da, ez da ohiko zirkuituetan erraz ikus daitezkeenetakoa.

Mezzoko ekoizpena 2016. urtekoa da eta Parisko Champs Élyséesko antzokian izan zen emanaldia da musikaren kanal horretan ikus daitekeena. Erakargarri asko ditu ekoizpen honek. Merezi du ikustea!

Badakit nik Patricia Petibonen aldekoa naizelako egin dudala horrelako gomendioa. Betiere, Patricia Petibon IKUSKIZUNA da, letra larritan. Salzburgeko jenio musikalak ez du gutxiago merezi. Antzezpena egokia da, denbora aldatu egiten da, baina opera erabat sinesgarria da.

Operaren gaiak ohikoak dira; gutxienez, operak gehien erabili dituen gaietakoak: maitasuna, traizioa, zeloak, aginte-nahia. Giza bertute eta bekatu horiek guztiak ederto asko haragiztatzen dituzte Patricia Petibonek, Michael Spyresek (Mitridates) eta abarrek.

A, ahaztu zait esatea, operaren libretoa italieraz idatzi zen, eta haren izenburua Mitridate, Rè di Ponto izan zen.