klassikbidea.eus

Aire zabaleko operak

En Ópera/Euskera Por
Aida, Arena di Verona. ©Ennevi-Arena di Verona

 

Gotzon Lobera /

 

Azken urteetan operak aire zabalean antzezteko joera ohitura bihurtzen ari da. Naturari eskaini beharreko omenaldia, omen! Gogoan dut Txinako Beijingen 2016an aire zabalean antzeztutako Turandot bat. Hori oinarri harturik doa gaurko gogoeta.

Egia (ei) da naturako paisaiak ederrak direla, egia (ei) da eszenografiari kutsu berria ematen diotela, baina aldi berean egia da aire zabalean antzokiko hurbiltasuna galtzen dela. Izan ere, metro koadroek kontu honetan agintzen dute: neurriak badu garrantzirik. Handia, gainera!

Metro koadroek hainbeste garrantzia dute, aire zabaleko operetan abeslariek mikrofonoak daroatzate aldean (belarritik esekita), azken aulkiko entzuleek ere behar den moduan entzun dezaten. Antzoki itxi baten, berriz, mikrofonoa (oraingoz) ezin ikus daitekeen kontua da. Txarto hartuko lukete ikusleek.

Eta honetara dator nire gogoeta: ez ote garen musika sakrifikatzen ari, lekuaren aitzakian (aitzakia diot, batzuetan opera esan ezinezko kontuetarako erabiltzen delako). Beste modu batera esanda, mikrofono batek ematen duen laguntasuna norainokoa dute ezinbesteko abeslari batzuek operak abesteko?

Mikrofonoak abeslariak berdintzera jotzen du, eta musikazaleok (nik behintzat) ahots ezberdinak nahi ditugu, ez bakarrik indarraren aldetiko ezberdintasunak, ezpada tinbre eta koloratuaren ikusaldeetatik ere, besteak beste.

Dotorezia bera ere mozorrotzen du mikrofonoak. Gaitz egiten zait abeslari baten interpretazioa epaitzea, bitartean ahotsari laguntzen dion lanabes bat sartzen denean. Eta hori gertatzen denean, berdinkeriaren erresuman murgiltzen gara, ez baitut nik uste antzoki itxi baten, akustika ona daukan baten, entzuten diren ahots guztiak hain erraz berdin daitezkeenik. Ezin lepora dakioke inguruari abeslari baten hutsa, adibidez.

Jo dezagun aire zabaleko gune batera: akustika ez da, oro har, inondik inora ondo eraikitako antzoki batekoa bezalakoa. Aire zabalak xumea handitzen du, eta handia xumetu. Antzoki itxi baten, ostera, nork bere dohainak erakusten ditu argi eta garbi, ez laguntasunik, ez oztoporik. Hortik ondorioak atera ditzakegu. Aire zabaleko antzezpen batetik, ostera, zalantza egiten dut musikaren beraren gainean zentzudun iritzirik eman daitekeenik.

Adibide bat ekarri nahi dut honetara: Enrico Carusoren ahotsa hogeigarren gizaldiaren hasierako grabazio batzuetan entzun ahal dugu. Teknika ez da lagungarri, ezperen oztopo; edozelan ere, haren ahotsa hain ona zen oztopo guztien gainetik jaikitzen da. Izan ere, La Voz de su Amotik hona teknikak aurrerakada handia egin du.

Ez nadin Enrico Carusoren kasuan geldi, eta joan nadin Dietrich Fischer-Dieskaurengana. Biziki gomendatzen dut Youtuben sartu eta entzun dezagula Mozarten Don Giovanni operako “Fin ch’han dal vino” pasartea. Ikaragarria! Mila bederatziehun eta hirurogeita bateko grabazioa entzun dut. Badira beste batzuk, eta guztiak maila gorenekoak. Deutsche Gramophonetik hona teknikak aurrerakada nabarmena egin du, baina orduko tresnekin ahotsa zen nagusi. Enrico Carusoren kasuan jazo legez.

Nire buruari itaun egiten diot: gaur egun aire zabaleko operak abesten dituzten kantarietarik hainbatek zergatik ez dute diskorik grabatzen? Nagusiki ematen den arrazoia hauxe da: “merkatua asebeteta” dago… omen.

Arrazoia, ostera, beste hau izan liteke: aire zabalean ontzat hartzen diren gauza asko disko baten ez dira onartzen. Produktua ezberdina da, haren helburua ahalik eta ale gehien saltzea delako. Ostera, aire zabaleko ekoizpen baten, behingoak balio du.

Hala ere, gauzak bere onera ekartzen ditu teknikak berak sarritan. Gaur egun ahots handienetakoek euren diskoak grabatzen dituzte, eta aleak eurrez saldu. Gutxi dira, baina badira halakoak. Horregatik, aire zabaleko operetara geroago eta usuago deitzen dituzte maila handiko abeslariak, ekoizleek jakin badakitelako ikusleak erakartzeko lika ederrak direla. Ona beti on, txarra bestela balitz!

Deja un comentario

Your email address will not be published.

*

Otras entradas en Ópera

La hermosura se impone

  “Territorios” de El Correo: “La hermosura se impone” Joseba Lopezortega / 

Opera gutxi ezaguna

  Gotzon Lobera / Gaurko jarduna Tiefland operari eskaini nahi diot. Niretzat
Ir Arriba